Zaldirik ez duen gizona hegorik ez duen txoria bezalako da.

Mugitzen den herri baten doinua.

Mongoliako jakituriak lurraren zikloak hartzen ditu aintzat, eta, horri esker, Ulan Bator kaotikoaren inguruetako estepa orlegiari beste modu batean egingo diogu so.

Mongolia mundu osoan zehar biztanleria dentsitate txikiena duen herria da, zaldi gainean dabilen herria, herri nomaden artean nomadena.

Ulan Batorrek “heroi gorria” esan nahi du, Sobietar Batasuneko aroaren aztarna da. Hiria hormigoiaren gorespena da, baina atsegina. Hiri garbi, moderno, hiritarra erakusten dugu, topikoak haustera bideratutako begirada. Hiri-inguruan gergen auzo osoak pilatzen dira. Dzudarengatik (ikaragarri hotza den neguarengatik) etsita dauden eta hiriburura joan diren artzain familien bazter auzoak dira.

Baina biztanleriaren erdia nomada da oraindik. Jeepez joan ginen estepako bihotzeraino. Desertu-paisaia da, orlegia, jenderik gabekoa ia. Lautada eta, ondoren, zeruertza. Paisaia izugarria, ziklikoa. Zeruertza eta, gero, lautada. Hemen, denbora eta paisaia zirkularrak dira. Zaldi-artzaiak ezagutu genituen, txalaparta jo genien eta joan egin ginen.

Hövsgöl lakutik gertu, tsaatanak bizi dira, taigako artzain nomadak. Kanpoko munduaz mendietan estaltzen direla esan daiteke, bertara jende gutxi joango dela badakitelako, eta neguan are gutxiago. Hotz handiegia egiten du. Elur-oreinen inguruan bizi dira, beraien tippietan, hau da, kono forma duten dendetan, Ipar Amerikako indioenak bezalakoak direnetan. Elur-oreinak beraien bizia dira: jana, garraiobidea, arropa eta tresnak ematen dizkiete.

 

Mongolia 

Mongoliarrak erdialdeko estepa zabaletan bizi dira, hegoaldeko Gobi desertuan edo iparraldeko basoetan eta Mongolia iparraldeko mendietan. Planetako muturrenetarikoa den klima jasaten dute. Neguan, 50 gradu zero azpitik izan ditzakete; eta udan, 40 gradu zero gainetik. Artzain eta ehiztari nomadak, beraien lanbide nagusia ardi, zaldi eta gameluak haztea da.

Mongolia gizakiaren egokitze ahalmenaren adibide argia da. Gizakiaren azkartasun eta adimenarentzako etengabeko froga da. Akatsik onartzen ez duen kontrako inguru baten aurkako borroka da, etenik gabekoa.

Mongoliar jendeaz hitz egitea zaldizkoez hitz egitea da. Mongolian zortzi bat milioi zaldi daudela kalkulatzen da. Txikiak izan arren, munduko gogor eta iraunkorrenak dira. Mongoliarrak gerlari nomaden arketipoa dira: zaldi gainean jaiotakoak, nekaezinak, azkarrak eta, batez ere, oso eraginkorrak.

Nomada mongoliarrak artaldeekin mugitzen dira beti, eta ez noraezean. Nomada helmuga erabat zehatz eta jakin baterantz mugitzen da: beste bazkaleku edo larre batzuetarantz, beste putzu edo iturburu baterantz. Beraien lurraldea ez da espazio hutsa, urteko urtaro bakoitzean jarraitu beharreko ibilbideak argi adierazita dauden xehetasunez beteriko mapa baizik.