Ez dago munduan txalaparta bezalakoa den instrumenturik. Bi pertsonaren artean jotzen da. Batak erritmoa markatzen du, eta besteak erritmo hori hausten, zatitzen du. Ez da modu mekaniko eta zehatzean egiten, berria, organikoa eta bizia den zer edo zer sortzen baizik. Elkarrizketa horretan sortzen den musika ez da musikari batarena edo bestearena, elkarrizketaren beraren adierazpena da, musikarien arteko elkartzearena. Txalaparta, musika-instrumentu bat izateaz gain, jarrera bat ere bada, bestearekin elkartzeko eta besteari hurbiltzeko modu bat. Txalapartariak musikaria baino gehiago izan behar du. Zenbait trebeziaz gain, hainbat bertute ere garatu behar ditu. Txalaparta jotzean hainbat kontzeptu uztartzen dira; kontrajarririk daudela dirudi, baina beraien artean osagarriak dira: txalapartariak erritmoa jaitsi behar du aldi berean berea indartuz, sortzailea izan behar du eta apala ere bai, gogor jotzen jakin behar du eta baita entzuteko isiltasuna gordetzen ere.

Txalaparta bat-egite eta elkartze ariketa da bere baitan. Honako ezaugarria duen ezagutzen den musika-instrumentu bakarra da: erritmoa eta melodia elkarren artean modu isilean eta ikusezinean komunikatu behar diren bi pertsonak interpretatzen dituzte, elkarrekin, bietako batena soilik ez den musika sortzeko. Txalapartaria ezin da ez musikari egozentrikoa ez barnerakoia izan, uzten ikasi behar izan du, elkarrizketan jarduten, berria den zer edo zer sortzeko. Horixe da txalapartaren funtsa, bere jatorrizko lehengaia zura den moduan.

Txalapartak sortzen duen musika bi pertsonaren elkartzetik jaiotzen da: batak oinarrizko erritmoa markatzen du (–ttakum–), eta besteak erritmo hori hausten du lehenak libre uzten dituen espazioetan doinuak sortuz (–herrena–). Ordena eta kaosa uztartzen dira, eta elkartze horretatik sortzen da berria. Elkartzea emankorra izan dadin inprobisazioak tartekatzeko oinarriak finkatu behar dira, derrigorrez. Jada finkatutako arauen (tradizioa) eta askatasun sortzailearen (berrikuntza) arteko oreka-ariketa bat da.

Nömadak TX-ek txalapartaren elkarrizketa-funtsa hori zabaldu eta hedatzea nahi du. Instrumentuaren funtsa elkartzea denez gero, elkar gaitezen, beraz, txalapartaren inguruan beste doinu, musikari eta kultura batzuekin.

Scroll Up